XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) belauniko geratu nintzen putzu zuri-berdearen erdian, zer egin ez nekiela, eta artean hala nengoen bera sartu zenean.

Ez nuke jakingo esaten zer aurpegi jarri zuen.

Lasagna bat egin nahi nizun, esan nion, eta irribarre egin zuen.

Bueno, eskertzekoa da.

Eta sardea sartu zuen ragouta zegoen zartaginean.

Ez zuen itxura txarrik.

Ummmm, oso ona dago esan zuen.

Berokia kendu eta oraintxe jasoko dut dena erantsi zuen gero.

Eta hala egin zuen, berokia kendu eta zikinkeria hura guztia jaso zuen.

Ni deprimituegia nengoen ezer egiteko, eta eseri egin nintzen.

Ragouta patata pure batekin jan dezakegu esan zidan, erabat pozik, eta ni ere animatu nahirik.

Purea gainetik bota, eta gratinatu egingo dugu.

Oso ona geratuko da, ikusiko duzu.

Ez zen txarra geratu, purea gatzez apurtxo bat pasata, baina ez nuen deus esan, eta berak ere ez.

Isilik geratu ginen; ni zain, ea galdetu gabe goizean akordeoilariarekin izandako enkontruaz zerbait esaten zidan, baina alferrik.

Onean geundenean tea hartzen genuen kafearen ordez; atseginagoa delako, esaten zuen, errito bat betetzea eskatzen duelako.

Izeba Isabelek oparitu zigun portzelanazko teontzi oso eder batean egiten genuen, eta harengandik ikasitako zeremonia betez, gerra ondoren urtebete igaroa baitzen Liverpoolen eta ez zituen han ikasiriko berezitasunak inoiz ahaztu.

Kontua da, tea hartzea, kafea hartzea baino patxada gehiagorekin egiten delako-edo britainiarren izaera txertatzen digu nonbait, gai sentitu nintzela, garrantzirik eman gabe, txantxetan ari bainintzan, ze, gaur ez al dizu nobioak deitu? galdetzeko, (...)